Jendaurreko ordutegia astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara eta asteazkenetan 09:00etatik 13:00etara
Jendaurreko ordutegia astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara eta asteazkenetan 09:00etatik 13:00etara

ORKOIEN: HISTORIA ZERTZELADAK

Gure herriari buruzko lehen agiria XIII. mendearen hasierakoa da. Agirian esaten da Orkoiengo andereak dohaintza bat eman ziola Leireko monasterioari. Erdi Aroan, gurea erregeen jabetzapeko herria izan zen, eta 1280an, petxa izeneko zerga ordaintzen zuen; zehazki, 23 kahiz eta erdi gari, 20 kahiz garagar eta 30 kahiz olo.
 
1356an, infante Luisek errenta horiek Iruñeko apezpikuari esleitu zizkion, eta 1413an, errege Karlos III.a Nobleak bere seme Godofreri eman zizkion; gero, 1472an, Grazian Agramonten eskuetara iritsi ziren, eta ondoren, Luis Beaumontekoaren eskuetara (Leringo Kondea).

Karlos III.ak, halaber, lehen fruituak edo primiziak eman zizkion Orkoieni, San Migel eliza eta San Esteban basilika konpontzeko.

 

 

XIII. mendeaz geroztik, Irantzuko monasterioak eta San Joan Jerusalemgo Ordena Ospitalariak lurrak eta alorrak izan zituzten Orkoiengo dermioan, eta XIV. mendetik aitzina, Orreagako Andre Maria Errege Kolegiatak ere bai.
 
Garai hartan, agiri zenbaiten arabera, Orkoienen ordaliak edo Jainkoaren epaiak egin ziren.
Albako Dukeak gidaturik, Fernando Katolikoaren tropek Nafarroako Erresuma armaz hartu zuten garaian, Orkoiengo jauna, Charles Artiedakoa, Luis Beaumontekoaren (Leringo Kondea) basailu izan zen. Orkoiengo jaunak oinetxe edo leinu-jauregi bat zuen herrian, egun desagertua. Leringo kondea beaumondarren burua zen; beraz, Fernando Katolikoaren tropen aldekoa. 

 

 

1571n, Orkoiengo jauna Frantzisko Artiedakoa zen, eta 30.000 marabediko soldata jasotzen zuen urtean. 1723an, jauregiaren jabeak Aianzko kondeak ziren.
Frantsestearen edo Independentzia Gerraren bukaeran, Gasteizko guduaren ondotik, Wellingtongo Dukeak Orkoiengo apezetxean jarri zuen bere kuartel nagusia, Iruñea hartzeko ekinaldi militarrak zuzentzen zituen bitartean. Dukea landa-mariskala zen, eta soldadu britainiarren eta aliatuen komandantea Napoleonen aurka.
Karlistaldietan, Orkoienek janaria eman behar izan zien hala karlistei nola liberalei.

1970etik aurrera, Orkoiengo biztanleria nabarmen handitu zen, Iruñerria azkar industrializatzearen ondorioz. 1973an, 238 biztanle zituen, eta 1981ean, aldiz, 1.091. Eraldakuntza handi horrek egitura ekonomikoan ere izan zuen eragina, nekazaritza herri izatetik herri industriala izatera pasatu baitzen.
 
2000. urtetik aitzina, hirigintza-planeamendu berria gauzatzearen ondorioz, Orkoienek gero eta biztanle gehiago izan ditu (Nafarroan herri gutxitan izan da hemengoa bezalako hazkunderik ehunekoetan); horrela, gehienbat, familiabakarreko etxebizitzak eraiki dira, eta 2016an, 3.802 biztanle ginen.